2012-06-25

Uztaileko ematea

Aupa!

Lehen partzialari dagokion Din A1-a lehenbizi.



Bigarren lauhileko Omnibusaren ariketari dagokiona hurrena.

ç

Adioo

2012-06-22

OMNIBUSA-ren MAPA KONTZEPTUALA


Las ciudades invisibles: MATRIOSKA/GASTEIZ


MATRIOSKA                                                               Lautada_Hiribildua_Kaxkoa_Lokala_Pertsona

Ez da oina pausatzea besterik MATRIOSKAn zaudenaz jabetzeko. Oinutsik ohartzen zara bapatean, apurka larruazala gorputzetik haratago landa lurrean nahasten zaizu lautadarekin bat egin arte, horizontaltasun mugagabearen parte izateraino. Hortu amaigabeen kolore anitzeko bilakatzen zaizu azala, lur emankorraren fruitu zara ezbairik gabe. Lurrak indarberritzen zaitu, lurrak asetzen, lurrak libertitzen, lurrak plazer ematen, lurraren balada erritmora dantzatzen bihotz taupadak, arnasketak. Bi aukera dituzu orduan, bertan geratu edo hurrengo urratsari bide eman.

Bada, beste MATRIOSKA batek inguratzen zaitu bigarren aukerari lotzen bazaizkio. Lehenengoaren barrunbetan ezkutatutako hiri berria. Mugimendua islatzen zaio dituen milaka plano bertikaletan. Hiriaren arteriatako zurrunbiloak alde batetik bestera, igerian zaramatza, azal bertikalak eratzen dituzten alboetan jezarritako eraikinen kontra kolpatzen zaituen bitartean. Horizontaltasunari muzin egin gabe baina euren presentzia nabarmendu nahiez, begiratzen dute bloke hauek bazterretik, arranpatik ateratzen laguntzeko imintziorik egin gabe. Denboraren infinitoraino, inon sustraitu ezinda, horrela jarrai zenezkela nabari duzu. Bi aukera dituzu orduan, bertan jarraitu edo hurrengo urratsari pasu eman.

Bada, beste MATRIOSKA batek besarkatzen zaitu bigarrenean ausartzen bazara. Hirian sartzen zarenetik ostertza zalantzan jartzen duen lehen aldia da hauxe. Muinoa inguratzen duen hirugarren hiri batean galtzeko astia hartu nahiko duzu bereala. Etxebizitza zaharkituak, norberaren bidearekin bat dabiltzala dirudi, izan ibilbidean gora eta behera egiten duzula, izan kaxkoaren gerrian biraka zabiltzala. Kale nahiz etxe, biak bat direla pentsatzen hasten zara. Elkarrizkea ugari entzuten dituzu erosketak egin dituen mutil gaztea eta lehen solairuan dagoen andrearen artean, taberna atarian erretzen ari denaren eta kale garbitzailearen artean, ikastolatik atera den haur lerroa eta hirugarren solairuan zaunkaka ari den txakurraren artean, urez bustita dagoen harria eta grafiti haundi baten mural bilakatu den harriaren artean ere hizketan ari direla irudituko zaizu. Kale-etxe mimetismo horren parte izan nahiko duzu orduan, eta hurrengo urratsari eutsiko zatzaizkio.

Bada, beste MATRIOSKA batek egingo dizu ongietorria. Beno, ehundaka MATRIOSKAk, edo milaka batzuk akaso. Kalea atzean uzten duzunerako erabat alda bait daiteke giroa. Garai bateko kale izendegiaren esanahia ahaztuta, janari denda pakistaniarrak jarraitzen dio parean taberna zaratatsua duen liburudenda txikiari, edo berdin topa daiteke fournier karten museoa ere kutxileria kalean. Aspertzerik ez duzula jakinda, segidako urratsa eman ala ez erabakitzeko atakan sentituko zara azkenekoz.

Bada, beste MATRIOSKA batek erantzungo dizkizu galderak. Harekin solas egin ahal izango duzu lasai, galdetuko diozu hiriari buruz, honek duen lautadari buruz, honek duen hiribilduari buruz, honek duen kaxkoari buruz, honek dituen lokalei buruz. Hitzegingo duzue MATRIOSKAz, eta esango dizu, bertakoek ez dutela MATRIOSKA izena erabiltzen, GASTEIZ dela zuen hizketa gaia, GASTEIZ dela pausoz pauso ezagutu duzun hiria.

Pitinka kaxak zabaldu ahala hauetan sartzen joan zarenaz ohartaraziko zaituzte zentzumenek. Kaxa haunditik txikiagoan barreatu arren, pausu bakoitzean mundu zabalago baten jabe egin zarela ikusiko duzu. Espazioa muga ez dela ulertuko duzu ibilbidearen amaierako kaxa hau zabaltzen duzunean. MATRIOSKA txikiena da, GASTEIZtarra.