MATRIOSKA Lautada_Hiribildua_Kaxkoa_Lokala_Pertsona
Ez da oina pausatzea besterik MATRIOSKAn
zaudenaz jabetzeko. Oinutsik ohartzen zara bapatean, apurka larruazala
gorputzetik haratago landa lurrean nahasten zaizu lautadarekin bat egin arte,
horizontaltasun mugagabearen parte izateraino. Hortu amaigabeen kolore anitzeko
bilakatzen zaizu azala, lur emankorraren fruitu zara ezbairik gabe. Lurrak
indarberritzen zaitu, lurrak asetzen, lurrak libertitzen, lurrak plazer ematen,
lurraren balada erritmora dantzatzen bihotz taupadak, arnasketak. Bi aukera
dituzu orduan, bertan geratu edo hurrengo urratsari bide eman.
Bada, beste MATRIOSKA batek inguratzen
zaitu bigarren aukerari lotzen bazaizkio. Lehenengoaren barrunbetan ezkutatutako
hiri berria. Mugimendua islatzen zaio dituen milaka plano bertikaletan.
Hiriaren arteriatako zurrunbiloak alde batetik bestera, igerian zaramatza, azal
bertikalak eratzen dituzten alboetan jezarritako eraikinen kontra kolpatzen
zaituen bitartean. Horizontaltasunari muzin egin gabe baina euren presentzia
nabarmendu nahiez, begiratzen dute bloke hauek bazterretik, arranpatik
ateratzen laguntzeko imintziorik egin gabe. Denboraren infinitoraino, inon
sustraitu ezinda, horrela jarrai zenezkela nabari duzu. Bi aukera dituzu
orduan, bertan jarraitu edo hurrengo urratsari pasu eman.
Bada, beste MATRIOSKA batek
besarkatzen zaitu bigarrenean ausartzen bazara. Hirian sartzen zarenetik
ostertza zalantzan jartzen duen lehen aldia da hauxe. Muinoa inguratzen duen
hirugarren hiri batean galtzeko astia hartu nahiko duzu bereala. Etxebizitza
zaharkituak, norberaren bidearekin bat dabiltzala dirudi, izan ibilbidean gora
eta behera egiten duzula, izan kaxkoaren gerrian biraka zabiltzala. Kale nahiz
etxe, biak bat direla pentsatzen hasten zara. Elkarrizkea ugari entzuten dituzu
erosketak egin dituen mutil gaztea eta lehen solairuan dagoen andrearen artean,
taberna atarian erretzen ari denaren eta kale garbitzailearen artean,
ikastolatik atera den haur lerroa eta hirugarren solairuan zaunkaka ari den
txakurraren artean, urez bustita dagoen harria eta grafiti haundi baten mural
bilakatu den harriaren artean ere hizketan ari direla irudituko zaizu.
Kale-etxe mimetismo horren parte izan nahiko duzu orduan, eta hurrengo urratsari
eutsiko zatzaizkio.
Bada, beste MATRIOSKA batek
egingo dizu ongietorria. Beno, ehundaka MATRIOSKAk, edo milaka batzuk akaso. Kalea
atzean uzten duzunerako erabat alda bait daiteke giroa. Garai bateko kale
izendegiaren esanahia ahaztuta, janari denda pakistaniarrak jarraitzen dio
parean taberna zaratatsua duen liburudenda txikiari, edo berdin topa daiteke
fournier karten museoa ere kutxileria kalean. Aspertzerik ez duzula jakinda,
segidako urratsa eman ala ez erabakitzeko atakan sentituko zara azkenekoz.
Bada, beste MATRIOSKA batek
erantzungo dizkizu galderak. Harekin solas egin ahal izango duzu lasai,
galdetuko diozu hiriari buruz, honek duen lautadari buruz, honek duen
hiribilduari buruz, honek duen kaxkoari buruz, honek dituen lokalei buruz. Hitzegingo
duzue MATRIOSKAz, eta esango dizu, bertakoek ez dutela MATRIOSKA izena
erabiltzen, GASTEIZ dela zuen hizketa gaia, GASTEIZ dela pausoz pauso ezagutu
duzun hiria.
Pitinka kaxak zabaldu ahala
hauetan sartzen joan zarenaz ohartaraziko zaituzte zentzumenek. Kaxa haunditik
txikiagoan barreatu arren, pausu bakoitzean mundu zabalago baten jabe egin
zarela ikusiko duzu. Espazioa muga ez dela ulertuko duzu ibilbidearen amaierako
kaxa hau zabaltzen duzunean. MATRIOSKA txikiena da, GASTEIZtarra.
No hay comentarios:
Publicar un comentario